Teknologia, lanaren aurka

Argia aldizkarian argitaratua, 2023ko apirilaren 30rean, 2822 alean

Martxoaren amaieran, Bizkaiko kazetari ekonomiko batek ZornotzakoAutomotive Intelligence Centerreri buruz idatzi zuen, ohiko moduan, enpresarien aldeko hautua egiten. Tira, hori ez da aipagarriena: komunikabidearen ildo editoriala da. Azpimarratzekoa dena da, deskribatzen duen lantegi esperimentalean, fabrika malguaren kontzeptua erabiltzen dela. Artikuluak bukaerako mehatxua dakar: lantegi esperimentalak ez du langilerik, ezta sindikaturik ere. Teknologia, langileen aurka.

Azken urtean teknologia eta lanaren arteko harremanaren inguruan sakontzeko aukera izan dut. Ondorioztatu dudana da bi elementu horien arteko harremana erabat konplexua dela, ikuspuntu anitzekoa, zeinean ikuspuntu historikoa nahitaezkoa dena. Teknologiak bizitza erraztuko digula, lan gutxiago egingo dela, edo langileak desagerraraziko dituela, funtsik gabeko profeziak dira. Kazetari ekonomikoak egindako mehatxua ere hauen artean dago.

Gainbegirada labur bat eginez, sistema ekonomiko kapitalista eta langileria agertu zirenetik, kapitala saiatu da langile klasea menperatzen, hezten, beren bizibideak ezabatuz. Langileek horri aurre egin diote. Klase borroka da. Teknologia eta lanaren arteko harremanaren edozein azalpena, hau kontutan izan gabe, alferrikakoa izango da, eskasa. Kapitalak teknologia erabili du langileek ekoizpen prozesuarekiko zuten kontrola eta ezagutza hausteko eta, gatazka honetan, langileak hartutako erresistentzia estrategiak anitzak izan dira. Sarritan aipatzen den kasua ludditena izan da. Hauek teknologia berrien aurkako pertsonen adibide bezala jarri izan dira, makina berrien aurka zeudenak. Ludditek bilatzen zutena, euren lan eta bizi baldintzak mehatxatzen zuen teknologia-sarrera baten aurrean, posizio hobea lortzea zen geratzen zitzaien botere apurra defendatzen. Ez zeuden teknologiaren aurka, gakoa da bazekitela teknologia jakin batzuek nolako eragina zuten euren lanaren gainean. Azken honen aurka erantzuten zuten. Hasieran zerbait sinplea dirudiena, konplexutu egiten da. Laburbilduz, aurrerapen teknologikoen eta klase-borrokaren arteko harremana korapilotsua da, eta ezin da ikuspegi bakar batera mugatu.

Hala ere, faktore batzuk analisiaren esparrutik kanpo utzi ohi dira. Posible izango da aurrerapen teknikoa energia-iturri merke eta eskuragarririk gabe? Zer gertatzen da teknologia horiek sortzeko behar diren materialekin? Eta hemen, kapitalismoaz ari gara, gaur egun ezagutzen duguna, nahiz eta berdez apaindu. Argi dago klima-aldaketa garapen kapitalistaren ondorio bat dela, eta gauzak dauden bezala, esan genezake itzulezina dela. Bestetik, material zehatzen beharrak eta horien urritasunak zalantzan jartzen dute norabide horretan jarrai dezakegula. Garapen teknologikoari salbazio-taula gisa heltzen zaion hazkunde ekonomikoak argitu nahi ez diren mugak ditu. Horregatik, langile eta sindikaturik gabeko lantegiaren kasuan, funtsezkoak diren baldintzak eta mugak isilean gordetzen dira.

Bizi dugun testuinguruan, gakoa ekonomiako hainbat sektore nola birmoldatu jakitea da, ez langile gabe funtzionatuko duten enpresetan pentsatzea. Ez dago konponbide teknokratiko eta teknofilo posiblerik, helburua guztiontzako irtenbide bat lortzea bada. Teknologia lanaren zerbitzura jartzeko garaia da, eta ez kapitalaren zerbitzura. Baina horrek azken deribatura garamatza: kapitalismoa historia liburuetara bidaltzea.

Endika -ri buruz

Endika naiz, eta ekonomian lizentziatu naizenetik, ogibide ezberdinak izan ditut, beti hezkuntza eta ekonomia arloen inguruan. Autogestioa/autoeraketa, enpresen berreskurapena, hauetan partehartzea eta alternatiba ekonomikoetan interesaturik, gizarte ekonomian, globalizazioa eta enpresa kooperatibetan aditua naiz.
Post hau analisia, Argia, Orotarikoa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina