Pentsiodunen EZtaBAIda: agintarien bide okerra eta mugimenduaren erabakia

HORDAGO – El Salton argitaratuta. Jon Bernat Zubiri Rey eta Endika Alabort Amundarain

Egungo patronal eta gobernuen bide neoliberalak, langileentzat okerrak izateaz gain, enpresarien gehiengoarentzat kaltegarriak dira ere bai. CEOE, CEN eta Confebask elkarteen gidaritzapean, ekoizpen eta lan harremanen zenbait erreforma bultzatu dira, eta bide horretan sakontzeko eskaerak datoz Troikako erakundeetatik. Elkarte horiek ez dute enpresarien gehiengoa ordezkatzen, ez behintzat beren interes ekonomikoei erreparatzen badiegu. Jakina da ekonomian herri langilearen errenta maila eta erosteko ahalmena direla enpresari gehienen negozio eta etekin iturri nagusiak. Langileen eta pentsiodunen aurkako erasoak kaltegarriak dira merkataritzarentzat, kontsumo manufakturarentzat eta pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresentzat, murrizketen efektu ekonomiko eta fiskal biderkatzaileak direla medio.

Egungo agintari politiko eta ekonomikoek bide hori hartu dute, eta austeritateak eragindako ondorioei erreparatu behar diegu, aukera okerra dela frogatuz. Gizarte Segurantzaren sarrerak gastuak baino apalagoak diren garai honetan, pentsio murrizketak egitea izan da erabilitako partxea. Alargunak eta emakume jubilatuak bereziki kaltetu dituen neurri krudela. Alargunak alde batera utzita, 3,6 milioi gizon jubilaturen hileroko diru-sarrera 1.227 eurokoa da batez beste, 2,1 milioi emakume jubilatuena (beren lanaren ondorioz pentsioa jasotzen dutenena) 774 eurokoa izanda. Nor kaltetzen dute gehien pentsioen murrizketak, urtez urteko igoerak izozteak eta kobratzeko eskubideen epekotasun baldintzen zorrozteak? Bizitza osoan zehar lan kaskar eta aldizkakoetan diru-sarrera apalagoak izan dituztenak; emakume erretretadunen gehiengo bat, alegia.

Pentsioen murrizketak, igoerak izozteak eta kobratzeko eskubideen baldintza berriek bizitza osoan zehar lan kaskar eta aldizkakoetan diru-sarrera apalagoak izan dituztenak kaltetzen dituzte: emakume erretretadunen gehiengo bat, alegia

Alde batetik, pentsioa kalkulatzeko epea 15 urtetik 25era aldatu zuen Zapateroren Gobernuak, 2011n. Soldatak adinarekin igo ohi direnez, pentsioak jaisteko atea ireki zuten horrela. Bestetik, pentsio osoa jasotzeko kotizatutako urte kopurua 35etik 37ra igarotzen hasi zen, progresiboki, langile apalen eta bereziki emakumeen lan bizitza luzatuz, urte guztiak ez betetzearen ondorioz ezartzen diren penalizazioak saihesteko. Bi neurri nagusi horien eraginez, pentsioen ordezkatze tasek behera egin dute, azken soldatatik zenbateko pentsioa jasotzeko eskubidea pilatzen duten erretretadunak jaitsiz: 2014an %77a izanda, 2060rako %48an kokatu du Europako Batzordeak egindako prospekzioak, The 2015 Ageing Report txostenean. Horra 2011ko erreformaren helburua.
Bide berean jarraitu zuen Raxoiren Gobernuak 2013ko pentsioen erreforman. Erretreta aurreratzeko baldintzak zorrozteaz gainera, pentsioen eguneraketa egiteko kalkulua aldatu zuen, aurreko urteetan nagusitu den gutxieneko eguneraketa %0,25an ezarriz. Bigarren erreforma horren ondorioz, pentsionistek ordaindu beharko dute bizi luzaeraren gorakada, beste kapital edo langile errentekin finantzatzeko bidea baztertuz. Pentsioen jaitsiera gero eta nabarmenagoa sortzen ari da oinarri guztiz politikoa duen bide honetan, eta sistema errotik erreformatzen ez bada, okerrera egingo du datozen urteetan.

Kapitalizazio bidezko pentsio pribatuen osagarrizko beharra hedatzen ari da langileriaren zenbait sektoretan, finantza entitateentzat negozio iturri den aurrezkia erabiliz. Pentsio pribatu horiek erostea ez dago gehiengoaren esku. Negozio arriskutsua eta orokorrean txarra izateaz gain, desoreken goranzko joera indartuko du. Adinekoen arteko desorekak areagotuko dira, haien bizi-baldintzak polarizatuz. Badago Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak esandako bide hori ez den beste irtenbiderik pentsioen auzirako? Erabakia beste eredu orokor baten alde lan eta borroka egiten dutenen sektoreetan dago. Nola konponduko dugu arazo hau?

Ezkerretik hainbat planteamendu egiten ari dira pentsioen auzian, baina bi ildo nagusi bereizi daitezke. Lehenengoan, proposamena da Aurrekontu Orokorrak erabiltzea pentsioak osatzeko. “Errentaren lehen mailako banaketari erreparatuz, erdia baino gutxiago (%46-48) bideratzen da lan arlora soldaten bidez, eta bestea (%54-52), aldiz, enpresen etekin eta zergetara”, esan zuen Ekonomia Katedradun Miren Etxezarretak Durangoko Jesuitetan iaz emandako hitzaldi batean. “Zergen esleipenak, aldiz, %75 lan arloa zergapetzen zuen, eta %25 kapitala”, azaldu zuen. Azken atal horretan eraldaketak egiteko aukera ikusten du Etxezarretak, erreforma fiskala eta pentsio osagarriak kontu publikoetatik bideratuz.

Bigarren proposamen ildoa Gizarte Segurantza indartzea da. Eskubidea irabazia den heinean, ez da gobernuen menpeko zerbitzu bat. Haren auto-finantzaketarako gaitasuna lortze aldera, lan-harremanen erreforma bat egin behar da. Pentsioa zeharkako soldata izanda, denontzat bizi baldintza minimoak bermatuko lirateke era horretan. Ildo horretatik, enplegu eta pentsio sistemen elkarrekiko harremana mantendu behar da. Soldatak igotzeak eta lan denbora gutxitzeak pentsio sistemaren beraren iraunkortasuna era automatiko batean mantentzen du. Hori defendatzen du besteak beste Mikel de la Fuente EHUko Lan Harremanetako Dekano ohiak.

Hala ere, hainbat alorretan erabateko adostasuna dago: bai ekarpen kontributiborik gabeko alargunen eta umezurtzen bai soldata baxuak jaso dituzten jubilatuen pentsioen igoera nabarmena da bidea, emakume aurpegia duen arazo larria konponduz. Gaur egun Aurrekontu Orokorren bitartez osatzen dira alargun eta umezurtzenak. 120.000 milioitik 21.000 milioi euro urtean bideratzen da hortik, eta gehiago osatu ahalko dira, bai Espainiako Gobernutik, bai Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernutik. Helburuen artean, miloi bat emakumeren egoera hobetzea: askok ez dute kotizatu, edo ez dira minimora heldu, eta, gainera, pentsiorik baxuenak dituzte. Hori izan behar da lehentasuna.

Euskal Herrian, badago pentsio sistema propioa sortzeko proposamena, batez ere abertzaleek babestua. Euskal Autonomia Erkidegoan, Gernikako Estatutuak sistema hori garatzea eta exekutatzea ahalbidetzen du, baina ez horren inguruan legeak egitea. Historikoki lurralde horretan soldatak altuagoak izan dira; hala ere, gaur egun Espainiar Erresumako beste lurraldeekiko aldea ez da hain handia. Horren ondorioz, gaurko soldatak pentsioekin alderatuz, Euskal Autonomia Erkidegoan sistema propio bat izatea defizitarioa izango litzateke pentsio eskubideak mantenduz gero. Gainera, Jaurlaritzaren aurrekontuetan karga handia sortuko luke.

Beste irtenbide partzial bat Euskal Herrian berme sozial batzuk ezartzea litzateke, aurrekontuen eztabaidan Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk proposatu duten moduan. Horren ararbera, erakunde publikoetatik alargunentzat eta pentsio kontributibo baxuak jasotzen dituztenentzat sistema osagarri bat ezarri behar da, egoera larrian dauden emakume eta familien egoera hobetzeko. Dena dela, euskal langileen zeharkako soldatak (pentsioak) Espainiako Gizarte Segurantzan daude aurreztuak, eta sistema horren ezegonkortasunak gure gaurko eta biharko pentsiodunei kalte larriak eragin ahal dizkie. Horrexegatik, belaunaldi oso baten ardura historiko nagusienetariko baten aurrean gaude: pentsio sistema publiko eta sozialaren aldeko borrokaren aurrean, hain zuzen ere.

Endika -ri buruz

Endika naiz, eta ekonomian lizentziatu naizenetik, ogibide ezberdinak izan ditut, beti hezkuntza eta ekonomia arloen inguruan. Autogestioa/autoeraketa, enpresen berreskurapena, hauetan partehartzea eta alternatiba ekonomikoetan interesaturik, gizarte ekonomian, globalizazioa eta enpresa kooperatibetan aditua naiz.
Post hau analisia, hordago, Orotarikoa atalean eta laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s