Ekonomia kolaboratiboa, garai berriaren azken kartutxoa

HORDAGO – El Salton argitaratuta. Jon Bernat Zubiri Rey eta Endika Alabort Amundarain

Kapitalismoaren izaera guztiz ezegonkorra da. Argi geratu da azken urteetan bizi izan ditugun ekoizpen eta lan harremanen gorabeherak ikusita. Krisiak sistema kapitalistaren ezinbesteko gertakariak dira. Produktibitate baxuko jarduerak eta enpresak desagerrarazteko eta langileen soldatak murrizteko izan dira beti krisiak. Mundu Gerren osteko “kapitalismoaren urte loriatsua” berriro errepikatu ez dela egiaztatu dugu azken mende erdi neoliberal honetan. Beherazko etekin tasak eta lurraren muga biofisikoak inposatutako egoera zahar-berri baten aurrean gaude, eta erantzun politiko global egokiak ematean asmatzea da usteltze ekonomikoa eta ekologikoa saihesteko dugun bide bakarra.

Kontrako bidea hartu dute Euskalerriko eta Europako agintari eta enpresari korporatiboek. Milioika enpresa eta lanpostu suntsitu dituzte, bukatzear dagoen “hamarkada galduan”. Austeritatea inposatuz eta langileen errentak jaitsiz, susperraldia deitzen duten testuinguru berria profitatu dute. Gauzatu dituzten lan erreforma, pentsioen eta beste politika sozialen murrizketa eta, oro har, enpresa-etekinak deszergapetzeko neurriak egokitzat hartzen dute egungo agintariek, beraien morroi diren komunikabideen laguntzarekin. Epe laburrera bere ezegokitasuna erakutsiko duen bide oker horrek ondorio latzak ditu ekoizpen eta lan harremanetan. Ondorio horiek enpresa kudeaketa eredu berrien bidez gauzatzen dira.

Horienen artean berriena dugu “enpresa kolaboratiboa” bezala izendatu dena. “Txiroek lan egiten dute, klase ertain eta aberatsek ibilbide profesional bat egiten dute” gogoratzen digu lan berrosaketa horren inguruko ikerketa egiten dabilen Irati Mogollonek. “Errendimenduaren gizartea” liburuak azpimarratzen duen eran, garai bateko eskubide eta berme fordistak etengabeko beherakadan dauden aroan aldi baterako, azpikontratatu edo autonomoak diren langileak trepa kultura berekoian murgildu behar dira. Blablacar, Uber, Airbnb eta Deliveroo dira gure artean ezagunenak, baina mundu osoan plataforma kontinental erraldoien bidez hedatzen ari den lan harreman eredu berri baten aurrean gaude.

“Langileen aldeko erantzuna behar da, lehia ezegokia saihestu eta berme sozialak ezartzeko erregulazioak inposatuz. Esplotatuen esparru juridikoa ezin da merkataritza-lehia artifiziala izan”

Ezinbestekoa da langileen aldeko erantzun politiko bat ematea, lehia ezegokia saihesteko neurrien eta berme sozialak ezarriko dituen erregulazio zehatzen bidez. Langile esplotatuen esparru juridikoa enpresari eta merkataritza-lehia artifiziala izatea ez da bidezkoa, eta “kapitalik gabeko ekintzaile ahul eta zorpetutakoen” arazoari erantzun kolektiboa eman behar diogu. Enpresa kolaboratiboei eta, oro ha, kapitalismo digital eta eguneroko bizitzaren merkatuan infiltratuak ditugun Amazon, Google, Facebook eta abarreko enpresa globalei jokalekua murrizteko neurriak ezarri behar ditugu. Epe laburreko ezinbesteko betebeharra da, kapitalismoak ezarritako jokabide berriak atzera-buelta izateko berandu izan baino lehen.

Halan gertatu da Bartzelonan, non Udaletxeak Airbnb-k eskainitako hainbeste pisu ilegalak desaktibatzera behartu du. Uber eta taxisten arteko liskarra, edo Deliveroo jatetxeen etxez-etxeko banaketa langileen grebak izan dira eremu honetan azaleratu diren gatazka nagusiak. Arazoa enpresa gutxi batzuetatik haratago doa, merkatu ekonomiak desarautu eta izaera berriak hartzen dituen turbokapitalismoaren garai honetan. Traficantes de Sueños argitaletxe eta kolektiboak urteak daramatza eraldaketa horien azterketa egiten. Adibidez, 2003n Bifok zera esaten zuen : “Formakuntza altuko milioika langile urduritasun larria baldintzetan lan egitea onartu dute, esplotazio bortitza egoeretan, soldata oso baxuekin gainera. Langileek beren buruak norberaren enpresari moduan irudikatzen dituzte, eta etengabeko lehiakortasuna bizitzaren legea bihurtu dute” (10). Urteak igaro dira, eta gero eta gehiago igortzen dute mezu hori agintari jeltzaleek, erakunde publiko zein pribatuen bidezko kanpainak eginez.

Arazoa ez da bakarrik langile horiek jasaten duten esplotazioa. Gero eta bizkorrago gertatzen den gizarte osoaren eraldaketa-prozesu baten atarian gaude, belaunaldi berrien bidez aplikatzen dena, batez ere. Aurkako borroka orokor bat aktibatu ezinean, kapitalismoaren erreforma bat bizitzen ari gara. Cristina Morinik Traficantes de Sueños-eko beste liburu batean aztertzen duen moduan “epe laburreko, denbora partzialeko eta aldizkako kontratuak orokortzen direnean (beka, praktika eta jarraipen gabeko kolaborazioak barne), harreman eta formakuntza prozesuek ezingo dute beharrezko heldutasuna eskuratu, esperientzia maila bat hartzen lagundu, eta horrek lehiakortasunaren gakoa den produktibitate soziala murrizteko joera ekartzen du” (35). Bide okerra da gaurko agintariena, eta enpresa munduko ardurak politikoki berreskuratzeko urratsa ematen ez dugun bitartean, okerrera jarraituko dugu.

Advertisements

Endika -ri buruz

Endika naiz, eta ekonomian lizentziatu naizenetik, ogibide ezberdinak izan ditut, beti hezkuntza eta ekonomia arloen inguruan. Autogestioa/autoeraketa, enpresen berreskurapena, hauetan partehartzea eta alternatiba ekonomikoetan interesaturik, gizarte ekonomian, globalizazioa eta enpresa kooperatibetan aditua naiz.
Post hau analisia, hordago, Orotarikoa atalean eta laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s