Hurrengo Lan Erreformaren aurrean

HORDAGO – El Salton argitaratuta. Jon Bernat Zubiri Rey eta Endika Alabort Amundarain

ELA sindikatuak “2019ko Lan Erreforma – Egoeraren Azterketa” txostena atera berri du, badirudielako gutxi barru erreforma berri baten aurrean aurkituko garela.

Non gauden

Espainiar Erresuman Gobernu aldaketak aurreko legegintzaldietako arau polemiko batzuen azaleko aldaketa ekar dezake, eta horien artean dago 2012ko Lan Erreforma. ELA sindikatuak egindako txostenaren ustez, Langileen Estatutuaren erreforma horren abiapuntua hiru arrazoirengatik da kezkagarria :

  • Lehenengoa : estatuko zentral sindikal handiek (CCOOk eta UGTk) erreforma partzial bat egiteko akordioa lortu dute gobernuarekin. Gogoratu behar dugu 2010 eta 2012 artean hiru Lan Erreforma egin zirela, eta egungo aldaketek ez dituzte horiek errotik eraldatuko ezta indargabetuko.
  • Bigarrena: aldaketa puntualak bakarrik aurreikusten dira, gainerako artikuluak ontzat ematen.
  • Hirugarrena: badirudi azpikontratazioa soilik landuko dutela, beste arlo guztietan ezer aldatu gabe.

Erakunde sindikalek Langileen Estatutu osoa eztabaidatzeko momentua da, batez ere negoziazio kolektiboaren eremua, estatalizazioari aurre egiteko asmoz. Bestalde, eta badirudi Espainiako Erresumaren parlamentuan indar oreka interesgarri bat dagoela, hori ahalbidetu dezakeena.

Erakunde sindikalek Langileen Estatutu osoa eztabaidatzeko momentua da, batez ere negoziazio kolektiboaren eremua, estatalizazioari aurre egiteko asmoz

Zein da gaur egungo Negoziazio Kolektiboaren egoera

Azken Lan Erreformen helburua soldaten debaluazioa bultzatzea zen, eta datuek diote hein handi batean lortu dutela. Hori dela eta, bi negoziazio eremu bultzatu zituzten, langile antolatuak topatuko ez zituztelakoan.

Enpresa eremuan negoziazio kolektiboa erraztu zen, uste zelako enpresariaren presio ahalmena handiagoa zela eta langile antolatu gutxiago egongo zirela. Enpresa hitzarmenetan soldatak, aparteko orduak eta ordutegiak sektoreko hitzarmenarenak baino okerragoak izatea ahalbidetu zuten; gainera, arrazoi ekonomiko, tekniko, produktibo eta organizatiboak direla eta (honek kutxa beltz baten antzera jokatzen du), posible da sektoreko lan hitzarmenetik aldentzea da.

2011ko lan erreformak Estatuko sektore hitzarmenak sinatzea bultzatu zuen. Antolatutako errealitate sindikal edo patronalik ez dagoen probintzietan gutxieneko arau-marko bat jartzeko balio duen arren, erabat burokratikoa da eta langileentzako hainbat arazo ekarri du:

  • Batetik, hainbat eremu negoziazio maila horren esku geratu zen (frogaldia, kontratu motak, sailkapen profesionala, diziplina erregimena, lan osasuneko gutxieneko gaiak eta mugikortasun geografikoa), gehi urteko gehieneko lanaldia. Horien inguruan ezin da beste maila batean negoziatu.
  • Bestetik, estatu mailako egiturazko akordioek ez dute oposizio errealik; hori probintzia mailan ematen da hori. Negoziazio hori lehenetsiz, langile eta enpresarien arteko gatazka lantokietatik urruntzen da, patronalen aurkako presio maila murriztuz. Bestalde, probintzia mailako negoziazio kolektiboa eten egin da, patronalaren mesederako.

Beste arrisku bat antzematen dugu: estatu mailako lan hitzarmenak gero eta gai gehiago erresebatzean, greba eskubidea mugatzen ari da. Legez kanpokoa litzateke greba deitzea probintzia edo enpresa mailako hitzarmen bat lortzeko.

Negoziazio kolektiboaren egitura berrirako osagaiak

Orduan, zer da ELAk txosten honetan planteatzen duena? Hasteko, erreformarako bi printzipio orokor planteatzen ditu. Lehenengoa, lan baldintzen hobekuntza. Hori bultzatzeko, negoziazio egitura malguago bat aldarrikatzen du, antolatzen diren langileek negoziatzeko ahalmena eskura dezaten, muga batekin: goragoko negoziazio eremuetan ezarritako lan baldintzak ezin dituzte okertu, krisi garaian izan ezik (mekanisko zehatz batzuen bitartez). Bigarrena, sistema demokratikoa. Gehiengo sindikalak eta patronalak adosten dutena lan-hitzarmen batean jaso ahal izatea, beti goragoko eremuetan hitzartutako lan baldintzak baino okerragoak ez bada. Horrela, negoziazio eremu orokorretan beste eremu batzuetako gehiengo errepresentatiboei negoziazioa galaraztea ez du ondo ikusten.

ELAren ustez, badaude oinarrizko zenbait kontu:

  • 84.4 artikuluan erreserbatutako gaiek desagertu egin behar dute, batez ere urteko gehienezko lanaldiaren aipamenak.
  • Sektoreko negoziazio probintziala, edota dagokionean autonomikoa, lehentasunez aplikatzea enpresa negoziazioarekiko, enpresakoak sektoreko baldintzak hobetzen dituenean salbu.
  • Negoziazio sistema bat non eremu bat edozein unetan ireki daitekeen, tartean denuntziarik edo goragoko hitzarmen baten iraungitzerik izan gabe. Muga bakarra beheragoko eremuetan lan baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea litzateke.
  • Lanbidearteko akordioak sektoreko akordioei gailendu behar zaizkie, eta autonomia mailakoak, estatukoei.
  • Salbuespenerako egungo erregimena eta Langileen Estatutuaren 41. artikulua honako puntuetan aldatzea :
  • Lan-hitzarmenetan jasotako salbuespenerako baldintzek lehentasuna izan behar dute prozedura legalarekiko. Legeak bermeak soilik eskaini behar dizkie langileei prozesu horietan: informazio eskubidea, benetako babes administratibo eta judiziala, salbuespenerako zergati neurtuak…
  • Derrigorrezko arbitrajearen aukerak desagertu egin behar du.
  • Salbuespenak kasu guztietan adostua izan behar du. Salbuespen legaleko aukeraren bat arbitratu behar izanez gero, legean salbuespena egiteko zergatiak oso xehe neurtu behar dira. Edonola ere, galera ekonomiko kontsolidatuak dituen enpresa batean salbuespena egiteko, administrazioak salbuespenaren zergatiak onartu beharko ditu, eta auzitegira jotzeko aukera ere izango da.
  • Enpresek ezin dute lan baldintzen funtsezko aldaketaren bidea baliatu sindikatuen eta enpresen arteko itunak saihesteko.
  • Halaber, lan baldintzen funtsezko aldaketak egiteko aukera (urteko gehienezko lanaldian edota soldataren zenbatekoan, besteak beste) itunetatik eta lan hitzarmenetatik kendu egin behar da.

ELAk proposatutakoa erabat logikoa da langileen aldetik: negoziazio kolektiboan egindako azken erreformek langileen presio-indarra murriztea zuten helburu, enpresarien alde egiten. Jakina da negoziazio eremua zenbat eta urrunago egon, orduan eta zailagoa dela gatazka hara eramateko aukera, batez ere goi mailan negoziatzen duten erakunde sindikalen jarrera pasiboa edo “gizarte kontzertazioaren” aldekoa bada. Azken finean, langileok gure lan baldintzak zehazteko eskubidea dugu. Lantokian, eskualdean, probintzian… antolatzen bagara, berton erabakitzeko eskubidea izan behar dugu, beti ere goi mailako gutxieneko baldintzak errespetatuz.

Bestetik, enpresa mailako lan hitzarmenen arriskuak jarri ditu mahaiaren gainean ELAk; hots, nola babestu azpikontratetako langileak mota honetako hitzarmenen bitartez. Nola babestu, halaber, probintzia edo sektore mailako negoziazio kolektiboaren etendura ere, negoziazio kolektiboaren erreformen ondorioz.

Agian, “baina” bat jartzearren, eredu sindikalaren bitartez egiten den negoziazio kolektiboa bultzatzea faltako litzateke, sindikatu borrokalarien indarra bultzatzea ahalbidetuko lukeena. Ea gai hauen inguruan eztabaida zabaltzen den.

Eredu sindikalaren bitartez egiten den negoziazio kolektiboa bultzatzea faltako litzateke, sindikatu borrokalarien indarra bultzatzea ahalbidetuko lukeena

Advertisements

Endika -ri buruz

Endika naiz, eta ekonomian lizentziatu naizenetik, ogibide ezberdinak izan ditut, beti hezkuntza eta ekonomia arloen inguruan. Autogestioa/autoeraketa, enpresen berreskurapena, hauetan partehartzea eta alternatiba ekonomikoetan interesaturik, gizarte ekonomian, globalizazioa eta enpresa kooperatibetan aditua naiz.
Post hau Orotarikoa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s