Nafarroako lan banaketa politikak, bide laburra egin duen iparrorratza

Nafarroako Gobernuari Lan Banaketa politikak egitea eskatu dio Parlamentuak. Japonia, jarraitu behar ez dugun eredu txarra aztergai. Zor publikoa Nafarroan, antzinako erregimenaren opari kutsatua. Gaia hauek aztertu dituzte Jon Bernat Zubiri eta Endika Alabort Amundarain ekonomialariak.

Koiuntura : Lan guztiak banatzearen beharra adierazi du Nafarroako Parlamentuak. Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan, Lan Banaketaren aldeko ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak. Ahal dugu taldearen ekimenez. Legealdi amaiera gertu dugun honetan, aldaketaren indarren estrategia eta akordioak bilatzeko gaitasunaren adierazgarri diren beste hamahiru ebazpenekin batera dator. 2015ko Itun Programatikotik gaur egun arte lan denbora gutxitzeko politiken arloan egindakoaren jarraipena egiten dugu, Euskal herrian Nafarroak aldaketa politiko eta sozialean duen garrantzia nabarmenduz.

Egitura. Japoniako Depresio ekonomikoa, geldialdiaren mamua. Japon Depresio ekonomikoan dago, 1990. urtetik konpondu ezin izan duen politika kaskarren ondorioz. Etxebizitza, kanpo merkataritza, industria, lan harremanak eta energia arloetan egindako politika ezegokiak dira arazo sozial anitzen jatorria, genero arrakala, suizidioak edo ikasleen munduko arazoak, besteak beste. Japonian ez bihurtzeko, herrialde horren norabidea aztertzea ondo datorkigu.

Argia. Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan. Zorraren burbuila zor pribatuan oinarrituta dago, etxeek, enpresek eta bankuek duten joera ez iraunkorraren ondorio zuzena. Zergatik da zor publikoa orduan komunikabideen azterketen gai nagusia ? Kasuak kasu, 2008tik sortu delako zor pribatua sozializatzeko eta publifikatzeko joera, eta zenbait herrialdeetan – Grezian adibidez – bereziki kaskarra eta zorpetzean oinarrituta izan delako politika publikoen kudeaketa. Geurera ekarrita, Nafarroa da honen adibide argia. Zor publikoa bikoiztu zuen UPN-k 2008-tik 2015-era, gaur egungo aldaketaren sakontasuna mugatzen duen hipoteka pisutsuak. Gai honi jarri dio arreta Argia-ko Xabier Letonak.

Bilbo Hiria Irratiko audioa eta Hordagon artikulua .

Nafarroako Gobernuari Lan Banaketa politikak egitea eskatu dio Parlamentuak. Japonia, jarraitu behar ez dugun eredu txarra, aztergai. Zor publikoa Nafarroan, antzineko erregimenaren opari kutsatua

Koiuntura

Lan guztiak banatzearen beharra adierazi du Nafarroako Parlamentuak

Gaur zortzi egun garrantzitsua izan zen Nafarroako Parlamentuan. Komunitatearen egoerari buruzko 2018ko eztabaidan hamalau ebazpen onartu zituzten alderdiek, konbinazio anitz eta kontrajarrien bidez bultzatutakoak. Orain dela 39 hilabete sinatutako Itun Programatikoa dute gidari lau aldaketa indarrek, baina legealdiaren amaiera honetan batasun eza da kanpotik nabaritzen dugun egoera, nahiz eta ostiralean ebazpenen erdia (7) elkarrekin adostu zituzten. “Aldaketa lasaia”-ren defendatzaileek bilatzen duten transbertsalitatea dugu egoera horren azalpen nagusia. Gobernu agintea duen Geroa Bai taldeak UPN eta PPN-rekin AHT-aren alde berretzeko apustua da adibide argiena. Indar nagusi baten barne haustura eta bestearen ausardia falta dira beste bi faktore erabakigarriak. Sakoneko desadostasunak daude zenbait arlotan, eta 2019a urte erabakigarria izango da. Akordiorako gaitasuna zorroztu beharrean daude indar nafar eraldatzaileak, antzinako erregimenaren berrezarpena saihesteko herri mobilizatuari zor dioten ezinbesteko ekarpena.

Asko da lau indar hauek egin dutena, hala ere, eta asko dago egiteko. Bozkatzeko unea gerturatzen da, baina ez dute bloke bakar bateko sendotasuna erakusten. Profil bereizketa estetiko eta programatikoa izango da nagusi. Aldaketa sendotzeko urrats sakonagoak eman beharrean, indar bakoitzaren etorkizuneko akordio eta helburuen finkatzea da joko honen zioa, ez herria poteretzea edo mugimendu eraginkor baten oinarriak finkatzea. Testuinguru horretan kokatu behar dugu barikuko ebazpenak, alderdien gidalerroak finkatzeko eta gertutasun eta urruntasunak adierazteko bitartekoak. Horien artean, hamabigarrena izan zen Podemos-Ahal dugu-Orain Bai taldearen ekimenaren bidez onartu duten bakarra. Lan Banaketaren aldeko adierazpena da, eta Carlos Couso parlamentariak aurkeztu zuen. Honela dio :

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lana banatzeko neurri zehatzak bultza ditzan, hala nola lanaldi indibidualak murriztea, lan-zamen euspena edo aparteko orduak kentzea, gure Foru Komunitateko lan arlo guztietan, eta bereziki Administrazio Publikoan, jakina baita horri lotutako gizarte kolektibo batzuek helburu horretarako lege-proposamenak aurkeztu dituztela berariaz”.

EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerraren aldeko botoekin onartu dute ebazpen hori, eta Geroa Bairen abstentzioari esker egin du aurrera. Nahiko jantzia den zergaitien aurkezpena eta ezkerreko indarren adostasuna lortu izanaren garrantzitik haratago, lan denbora gutxitzeko eta lan guztiak, zaintza lanak barne, banatzeko egin duten bide laburraren azken urratsa dirudi. Zoritzarrez ez da aurrerapen nabarmenik egon arlo horretan, ez enpresa pribatuekiko neurrietan ezta enplegu publikoari begira ere. Egiari zor, itun programatikoan lan harremaneko atalean lan banaketari buruz adostu ziren hiru neurriak (7, 8 eta 9a) oso sakonak ez zirela onartu behar da. Inguruko politika atzerakoiekin alderatua, hala ere, Nafarroak hasi baino ez duen bidea aurreratuena den arren.

Labur bilduz, langile publikoen lana banatzeko 39/2014 Dekretua ordezkatzeko aurrerapausoak lortu ez izana da Nafarroako Gobernuari, eta Maria Jose Beaumont Funtzio Publiko kontseilariari, arlo honetan leporatu ahal dioguna. Beste biak burutu dituztela esan genezake, eta neurri sakonagoak eskatzen dituen Banatu Taldeak onartu du baita ere. Alde batetik, ikerketa bultzatzeko beharra adostu zuten, eta horren berri eman zuen iazko azaroan Miguel Laparra Lehendakariorde sozialak, Ion Errok egindako ikerketa baten txostena aurkestuz. Bestetik, kongresu bat antolatzeko konpromesua adierazten zuen akordioak, eta bi dira hemen nabarmendu behar diren aurrerapausoak: UNESCO Katedrak Banatu Taldearen laguntzaz UPNAn egindako jardunaldia eta Patxi Tuñonek zuzendutako Errealitate Sozialaren Behatokikoak antolatutakoa ere, aipatutako txostena aurkezteko erabili zutena. Ikerketa atalean eta aditu eta herritarren topaguneetan emaitza eskasak izan direla esan genezake. Biak bigarren Lehendakariorde Laparran ekimenez egindakoak dira, eta Gobernuaren apustu eza azalarazteko unea izan dira baita ere.

EAJ-ko Nafarroako Buru Batzar ohia den Manu Ayerdi Lehendakariorde ekonomikoa da, borondate ezaren erantzule nagusia, Uxue Barkos Lehendakariak onetsitako ildoa izan arren. Jokabide atzerakoia erakutsi du Ayerdik hainbeste arlotan, eta aldaketaren hiru indar ezkertiarrekin bide komunak bilatzeko borondate falta izan duelakoan gaude. Berari dagokio enpresa eremura zuzendutako neurriak hartzea, edo hartzeko bidean adostasunak bilatzea. Berarena da ere arlo fiskaleko neurriak hartzeko betebeharra. Adibidez, itun programatikoan agertzen diren Sozietate Zergaren kenkarien gutxitzeko azterketak egitea (3.8 neurria), edo Lan Banaketa politiken finantziazio ekitatiboa egiteko ezinbestekoa den fakturazioaren gaineko zerga ezartzeko ikerketa egitea (3.9). Politika sakonagoak egiteko borondatea izan ez duela ematen du, eta beharbada, bere alderdiak gobernatzen dituen beste hiru herrialdeetako patronalaren aldeko politika anti-sozialera gerturatzeko estrategia izan da.

Baina bide atzerakoi hori ez da Nafarroan 2015etik nagusitu den borondatea. Aurrerantzean neurri sakonagoekin jositako itun berria eratzea izango da beharrezkoa. Hurrengo legealdian ezkerreko politika eraldatzaileak gauzatu ahal izateko eztabaida behar du Nafarroak. Hautetsontzietatik igarota, laukotearen hurrengo fasea etorriko da, edo bestela Espainiako politikarekin lerrokatzeko PSN-rekin sortu ahalko den konbinazioa. Batak edo besteak ildo bereko eraldaketa sortu beharko dute : zerga bilketa, lan harremanak eta enpresa kapitalistak berregituratzeko politika ausartak gauzatzeko bide orri argi eta garbia. Euskal Herriaren iparrorratza izatearen ardura izan du beti Nafarroak, eta aldaketa politiko eta sozialaren bide ezkertiar, ekologista eta feminista jorratzeko betebeharra du gaur egun ere. Bizi ala iraun, zuen esku dago !

Euskal Herriaren iparrorratza izatearen ardura izan du beti Nafarroak, eta aldaketa politiko eta sozialaren bide ezkertiar, ekologista eta feminista jorratzeko betebeharra du gaur egun ere. Bizi ala iraun, zuen esku dago !

BilboHirian egindako saioa.

Egitura

Japoniako Depresio ekonomikoa, geldialdiaren mamua

Herrialde bakoitzak beren dinamika propioak ditu; ekonomia arloan hitz egiten dugunean ere egi bat da. Herrialde batean era arrakastatsuan aplikatu den politika batek ondorio ezezagunak izan ditzake beste herri batean. Hor Nazioarteko Moneta Funtsaren “errezetak” ditugu adibide: neurriek Asiar Hego-Ekialdeko zenbait herrietan arrakasta izan zuten, baina beste lekuetan kontrako eragina izan dute. Hala ere, gerta dakigukeena aurreikusteko asmoz beste esperientziak ezagutzea interesgarria da. Krisi kasu interesgarri bat Japoniarena da.

Japonia 1990tik depresio ekonomikoan dago, hazkunderik gabe. Aditu askok Hegoaldeko Europar krisia honekin alderatu dute, antzekotasunak direla eta. Berez, lehenago aipatu denez, kasu guztiak ezberdinak dira, ekonomia eta gizarteak ezberdinak direlako, baina esperientzia honetatik zenbait ikasketa atera ditzakegu, pairatzen ari garen Errezesio Handitik irteteko eta besteen akatsak ez errepikatzeko asmoz.

Depresio ekonomikoaren nondik norakoak
1990. urtean finantza eta higiezinen burbuilek eztanda egin zuten. Azken honek funtsezko garrantzia izan zuen krisiaren eztandan: Tokioko orube eta eraikinen prezioek Amerikako Estatu Batuko burtsa guztien balio bera zuen. Eztanda egiterakoan, enpresa ugari krisian sartu ziren, higiezinen merkatuan erabat murgilduta zeudelako.

II Mundu Gerra ostetik, Japoniar ekonomiaren mirariaz hitz egiten zen; gerrak suntsitutako herrialdeak hazkunde izugarria izan zuen 40 urte jarraian, 80ko hamarkadaren amaiera arte. Hasiera batean, Koreako Gerraren bitartez beren industria bultzatu zuen, gerrarako materiala ekoiztuz; bide hau jarraituz II Mundu Gerran birrindutako industria berreraiki zuen. Beste oinarri sendo bat MITI (Tsūshō-sangyō-shō edo Industria eta Nazioarteko Merkataritza Ministerioa) izan zen, industria politika sendo bat zehazten baitzuen, enpresa talde handi (zaibatsu deitutakoak) eta Japoniako Banku Zentralarekin estu lan egiten zuena. Ekonomia esportazioetara bideratu zen eta puntako teknologia zen esportazioen ezaugarria.

Edonola ere, langileen esplotazioa izugarria zen; lan harremanen eredua enpresarekiko fideltasunean funtsatzen zen (Toyotismoa). Zaibatsu deitutako enpresa taldeek ekonomiaren kontrola zuten eta ’70 hamarkadatik aurrera inguruko herrialdetara (Korea, Taiwan, Singapur, Malaysia…) enpresen deslokalizazioa gauzatuz. Azkenean, ’80ko hamarkadan japoniar ekonomia arazoetan murgildu zen, espekulazio burbuilak honen adierazgarria izan zirenak. Energia eta oinarrizko materialen falta, ekonomia deslokalizatu zen herrialdeetako lehia, moneta arazoa…
Monetari dagokionez, azken 30 urteetako krisien aurrean Japoniako Yen babes-moneta moduan erabili izan da, beste dibisekiko honen balioa handituz; ondorioz, esportatzea garesti eta inportatzea erlatiboko merkeagoa da. Horren erakusbide 1985. urtean Plaza Accord hitzarmena izan zen, zeinean dolarrarekiko moneta honek zuen balioa handitzen baitzuen. Honek ere arazo ekonomikoak areagotu izan ditu.

1990tik aurrera, hurrengo bi hamarkadetan hazkunde ekonomikoa %1 inguruan kokatu da; honen ondorio zuzen bat kontsumoa murriztea izan da, krisia areagotuz. Egoera honetatik ateratzeko asmoz, Japoniako Banku Zentralak interes tasak murriztu zituen (badaramate 20 urte ia %0ko tasetan), bankuetan diru kantitate handia txertatuz; hala ere ez zuten esperotako eraginik izan: Herrialdea zurrunbilo deflazionista batean (prezioen jaitsiera) murgildu zen. Krisia leuntzeko eta langabezia arintzeko Gobernu ezberdinek obra publikoa sustatu dute, azpiegitura faraonikoen bitartez. Enpresa handiak erreskatatzearen aldeko apustua egin zuten (Toshiba, Sharp, …), dena den, gaur egun enpresa horiek ez dira errentagarriak, zonbi enpresa (eta bankuak) izendatuak direnak.

Eraginak arlo sozialean
Lehenengoz, azpimarratu behar da gizon eta emakumeen arteko aldea izugarria dela. Garapen urteetan “gizona beharrean eta emakumea etxean” eredua bultzatu zen, gaur egun oso indartsua dena ere, dakarren genero disparekotasun sozial eta ekonomikoekin. Horren bi adibide: Genero Arrakala Indizea (GGI), aztertutako 144 herrialdetik 114. postuan dago; parlamentuan emakumeek duten partaidetza aztertuz, 193 herrialdetatik 157. postuan dago. Depresio ekonomiko luzeak ez du lagundu, aldiz, arrakala hau sostengatu du,lehen aipatutako GGI indizean atzera egin baitu azken 12 urteetan. Emakumeak, haurrak izaterakoan enplegutik diskriminatuak dira, “amatasun jazarpena” pairatu behar baitute.

Lehiakortasuna, gaztarotik bultzatzen da. Baina Depresio ekonomikoak kalitateko enplegua aurkitzeko zailtasunak areagotu ditu (eta Depresioan 28 urte daramatzate). Gazteengan eragina du, eskolan lehia nabaria delako; baina baita ere bulling-a oso orokortua dago; batzuk diote sistemikoa dela. Horrela uler daiteke krisiak areagotutako hainbat arazo psikologikoak, kasu honetan haur eta gazteengan. Hikikomorien kasua horren adibide bat izan daiteke: jazarpena jasaten duten ikasleek mundutik deskonektatzen dira, urtean euren logelatik atera gabe. Askotan hau bitxikeri bat bezala aurkeztu dute, baina ikasleek eta gazteek jasaten duten presio izugarria kontutan hartu behar da.

Bukatzeko, beste ondorio larri bat da populazioaren zaharkitzea da. Gazteek etxebizitza erosteko, lan duin bat, diru sarrerak nahikoak izateko zailtasunak dituzte; gainera herrialde horretan enpleguaren kultura oso indartsua da, enplegua da bizitzaren egituratzailea, lan jardunaldi amaiezinekin, etab. Workalcoholismoa eta karoshi (gehiegi lan egiteagatik hiltzea) honen bi adibide dira. Eredu honek ugalkortasun tasarekin duen talka argia da: tasa honen mundu mailako liderra Japonia da, baina txikiegia delako. Honek ere beste arazo ekonomikoak sortzen ari ditu.

Japoniar eta Euskal Herriaren antzekotasunak aztertu behar dira, bide berdina jarraitu nahi ez badugu: demografi arazoa, ekonomi geldialdia eta bizitza duin bat gauzatzeko aukeren gabezia

Euskal Herrirako ikasketak
Herrialde oso ezberdinak dira, hala ere, zenbait ohar har ditzakegu. Lehenengoa da Errezesio Handiaren ondorio psikologikoak. Japonia hainbeste urte depresioan izan denez, egoera hau aztertu da, langabezia tasa eta suizidioak lotzen; nazioarte mailan ikerketa orokorragoak ere egin dira. Berton ezkutuan utzi dugu krisialdiak gure egoera psikologikoan izan dituen eraginak. Euskal Herrian arazo psikologiko nagusiena depresioa da. Lan prekarietate eta jazarpenek depresio kasuen igoerarekin harreman zuzena dute; baina baita beste arazo psikologikoekin. Bestetik zaharkitzeak badu Japoniarekin antz handia: bizitza proiektuak aurrera eramateko ezintasuna; etxebizitza arazoa, prekarietatea eta emakumeen diskriminazioa enplegu arloan.

Ekonomiaren aldetik, jasaten ari garen hazkunde txikia azpimarratu beharko genuke: Epe luzean antzeko egoera egiturazkoa bilakatzea da arriskurik handiena. Gainera aplikatu diren politikek antz handia izan dute: ekonomia “suspertzeko” asmoz obra publikoa bultzatzea (mega-proiektuak), zorra handituz; fiskalitatea antzeko eran erabiltzea; deslokalizazioen arazoa, berton min handia eragiten duena…

Japonian ez bihurtzeko, herrialde horren norabidea aztertzea ondo datorkigu.

Argia

Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan

Badirudi zorraren inguruan burbuila eratzen ari dela mundu mailan, eta gobernuek horren erantzule dira. Zor publikoaren kasuan, batetik, zerga bilketa jaitsieren aurrean finantziazio iturria izan delako eta bestetik, bankuak diru publikoz erreskatatu baitziren.

Euskal Herria ez da egoera horretatik salbu. Horren adibidea da Nafarroa: 2008tik 2015eraino UPNko gobernuek zorra boskoiztu zuten, 660 milioitik 3.300 milioira; aurten 426 milioi euro ordainduko dira zor gisa har daitezkeen kontzeptuetan. Diru hori zertarako erabili zen? Nafarroako Arena kirol eraikuntza, Los Arcoseko zirkuitoa, itzalpeko autobideak… Honen ondorioz, nafar bakoitzak 5.150 euro zor ditu.

Xabier Letonak Nafarroako zor publikoari buruzko datu batzuk aztertu ditu, zorpetze honen zenbait arrazoi azalduz eta egungo egoera laburbilduz

Honek eragin zuzena du hezkuntza, osasuna, kultura eta beste alorretan, gastuen murrizketek kontratatu behar ziren langile publiko kopurua ez zela bete, egin behar zenaren %24 bat gutxi gora behera. Azken finean, Parlamentu Sozialaren arabera Nafarroako zor publikoa 6.000 milioi euro ingurukoa litzateke, aurtengo 4.156,6 milioi euroko aurrekontuaren aurrean.

Beste zenbakien artean, legealdi honetan Gobernuak itzuli beharreko zorraren 191 milioi euro bidegabeak dira, bankuen interes tasa handiak direla eta, behar ez diren azpiegiturak eraikitzera bideratu delako, swap finantza produktuak erabili direlako, beste batzuen artean.

Testuinguru honetan, beste krisi baten oihartzunak entzuten ari dira, zorrari loturik.

Testua: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/herritarren-12-milioi-euro-egunero-bankuen-eskuetara-doaz-nafarroan

Advertisements

Endika -ri buruz

Endika naiz, eta ekonomian lizentziatu naizenetik, ogibide ezberdinak izan ditut, beti hezkuntza eta ekonomia arloen inguruan. Autogestioa/autoeraketa, enpresen berreskurapena, hauetan partehartzea eta alternatiba ekonomikoetan interesaturik, gizarte ekonomian, globalizazioa eta enpresa kooperatibetan aditua naiz.
Post hau analisia, Ekonomia, ikuspuntuak, irratia, Orotarikoa atalean eta laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s