Ur nahasietatik atera ezinda

Berrian, Jon Fernandez kazetariak Aitor Aranburu (ekonomilaria), Adrian Zelaia (Ekai Center), Joseba Barandiaran (ekonomilaria) eta niri egindako elkarrizketa 2012ko abenduaren 30ean.

Resumen: Entrevista realizada por Jon Fernández en diciembre de 2012 a economistas de Euskal Herria sobre las perspectivas del 2013 y problemas que se pueden dar en el ámbito del crecimiento económico, desempleo, recortes, mercado de deuda, instituciones financieras, el posible rescate del Estado Español y la economía mundial.

Baikortasunerako tarte gutxi ikusten dute, 2013ko ekonomiari begira, adituek zein aurreikuspenek. Finean, beste urte beltz bat,amaieran argi izpiak izan ditzakeena.

Beste urte beltz bat irudikatzen dute nazioarteko eta bertoko erakundeek egindako azken aurreikuspenek. Europako Batzordeak gogorarazi du «ur nahasietan» ari dela arraunean eurogunea, eta ez dela barealdirik iritsiko gutxienez 2014ra arte. Aurtengoa urte gogorra izan da, baina, adituen ustez, ez da oraindik behea jo: langabeziak goraka segituko du 2013an, eta ekonomiak, oro har, uzkurtzen jarraituko du bai Europan bai Euskal Herrian. Dena ondo bidean, urte amaieran baino ez litzateke hasiko susperraldia.

Azken unean aurreikuspenak zuzendu dituzte erakundeek, eta denek joan den udaberrian aipatu baino datu ilunagoak plazaratu dituzte: Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), Europako Batzordeak, OCDEk, OITk, Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak, Adegik… Baikortasunerako tarte handirik ez dute lagatzen ez egungo egoerak ez aurreikuspenek. Hazkunderik ezak langabezia tasa gizentzen jarraituko du. Europako Batasunean Alemaniak ezarritako zerga diziplina eta austeritatea dira lehentasunak, hazkunderako edo enplegurako neurrien gainetik.

Udan Europako Banku Zentralak (EBZ) euroa babesteko «edozer egiteko prest» dagoela esan zuenetik zor merkatuak lasaiago badabiltza ere, edozein unetan leher daitezke berriro. Eurogunearen gaineko zalantzak oraindik ez dira erabat uxatu, ezta Espainiako balizko erreskatearen mamua ere. EBko banku batasunera bidean lehen pausoa eman dute gainbegiratzaile bakarrarekin, baina xehetasun garrantzitsu asko daude airean. Espainiako finantza sistema erreskatatu arren maileguen iturria itxita dago, eta Europa hegoaldeko gobernu guztiek murrizketa eta pribatizazio gehiago dituzte agendan. Datozen hamabi hilabeteetako ildo nagusiak zeintzuk izango diren jakiteko, BERRIAk hainbat aditurekin egin du berba.

1. Hazkundea

Aitor Aranburu ekonomistak ezkortasunez begiratzen die hazkundearen iragarpenei: «EBZk orain urtebete 2013rako aurreikusten zuen hazkundea, eta orain 2014ra atzeratu du. Nire ustez, datozen hilabeteetan beherantz ikusiko du berriro aurreikuspena».Europako Batzordeko datuen arabera, %0,1 haziko da eurogunea 2013an, baina «benetako susperraldia» 2014an etorriko da. Hego Euskal Herrian, berriz, ekonomiak atzeraka jarraituko du, Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxaren azterketaren esanetan: %1,0 uzkurtuko da EAEn, eta %0,9 Nafarroan. Urtearen amaiera aldean hasiko da ekonomia suspertzen, txostenaren arabera. 2008an krisia piztu zenetik, %4,7 jaitsi da BPGa Hego Euskal Herrian. Atzeraldiaren arrazoietako bat barne eskaria txikitu izana da Aranbururentzat, «eta austeritate politikek indarrean jarraitzen duten bitartean, beherantz segituko du».

berria

Zelan berreskuratu hazkundea? Epe laburrean esportazioak dira aterabidea, Adrian Zelaia EKAI Centerreko lehendakari exekutiboaren ustez. «Gauzak oso txarto ez baditugu egiten, esportazioek gorantz egin beharko lukete. Gainera, hil ala biziko kontua da, ikusita zelan dagoen Espainiako merkatua». Joseba Barandiaran ekonomistarentzat ere esportazioena izan daiteke 2013ak ekar ditzakeen hobekuntza gutxietako bat, «Europak hobera egin eta euskal produktuen merkatua hazkunde handiko herrialdeetarantz hedatzen dugun heinean». Gorabidean diren herrialdeak dira horiek, NDFren arabera batez beste %5,6 haziko baitira datorren urtean —Errusia, Txina, India, Brasil, Mexiko…—. Izan ere, euroguneak praktikoki hazkunderik ez du izango, eta horrek «mundu mailako beste uzkurtze bat» ekar dezakeela ohartarazi du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. Nolanahi ere, bertoko lehentasunak zeintzuk izan behar diren argi dauka Zelaiak: «Herri honen lehentasuna ezin da austeritatea izan. Argi dago gobernuek orekatu behar dituztela kontuak, eta horretarako esfortzu guztiak egin behar dituztela, baina austeritate hutsa gainzorpetuta dauden herrialdeen estrategia da».

Garrantzitsuena enplegurako neurriak eta, batez ere, epe ertain eta luzera Euskal Herria ondo kokatzeko ekipamendu teknologikoak eta prestakuntza sustatzea da, Zelaiaren ustez.

2. Langabezia

«Urte gogorra» espero du Barandiaranek, «atzeraldiak jarraitzen duen heinean enplegu sorrerarik ez delako espero». Langabezia tasa %16ra ailegatuko da 2013an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %16,5era Nafarroan. Aditu guztiak datoz bat gairik garrantzitsuena langabezia izango dela, «maila larrietara» iritsiko delako. Mundu osoan 207 milioi langabe egongo dira datorren urtean, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioenez; hau da, aurten baino zazpi milioi gehiago. Krisia hasi zenetik 30 milioi lanpostu galdu dira. Datu txar horri beste okerrago bat gehitu behar zaio: lana berreskuratzeko zailtasuna. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du AEBetan eta Europan galdu den enplegua berreskuratzeko gutxienez bost urte beharko direla.

Diru sarrerak txikitu edo galdu heinean, pobreziaren putzuan itotzen ari da gero eta jende gehiago. Euskal Herrian azken 25 urteetako pobrezia arriskuaren mailarik altuena dagoela salatu du ELAk, eta Pobreziaren Kontrako Europako Sareak (EAPN) baieztatu egin du: EAEko herritarren %10,8 daude pobrezian, eta %8,8 Nafarroan. Datorren urterako ez da hobekuntzarik espero. Alderantziz, «murrizketa politikekin jarraituz, azken hamarkadan izandako tasak gaindituko dira», Endika Alabort EHUko ekonomia irakaslearen iritzian. Gai honetan administrazioen rola funtsezkoa da Alabortentzat, eta Espainiako Konstituzioan jasotako aurrekontu egonkortasun klausula ekarri du gogora, «administrazio publikoak murrizketa gehiago egiteko tresna delako».

3. Murrizketak

Aranbururen arabera, hazkundea eta enplegua bultzatzeko neurriak martxan jartzea litzateke ideala, baina Europatik datorren errezeta beste bat da: austeritatea, eta austeritate gehiago. «Defizitaren murrizketa soilik daukate buruan». Ildo hori aldatzen hasteko argi izpi bat izan daiteke NDFk onartu izana austeritate politiken ondorioak aurreikusitakoa baino okerragoak izan direla. «Pauso oso txikia da berez, baina NDFk hori onartzeak pauso handia esan nahi du. Hala ere, ikuspegi aldaketa batek oraindik urrun jarraitzen du». 2013rako aurrekontuetan murrizketa nabarmenak iragarri dituzte bai Iruñeko gobernuan baita Gasteizkoan ere. Frantziako Gobernuak, gainera, azken hiru hamarkadetako aurrekontu murriztaileenak onartu ditu, eta Espainiak ministerio guztietako gastuetarako beste diru erabiliko du zorraren interesak ordaintzeko. Dagoeneko nabari da herritarren erosteko ahalmenean Mariano Raxoiren aurtengo murrizketa eta erreformen eragin kaltegarria: BEZa eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igo ditu, ez ditu pentsioak eguneratu, langabeen sariak murriztu ditu, lan erreforma onartu du langileen kaltetan… Madrilek agindu du BEZik ez duela igoko 2013an, baina urtebetean hauteskunde programa osoa gezurtatu ostean ez du sinesgarritasunik. Hasteko, %3 igoko du argindarraren prezioa, eta gogortu egingo ditu erretirorako baldintzak. Madril jakitun da datorren urterako iragarritako murrizketek lan gatazkak eta grebak ugarituko dituztela, eta 2013ko aurrekontuetan bertan estatu mailako 80 lanuzte aurreikusi ditu, 2012an baino %23 gehiago.

4. Zor merkatua

Merkatuetan urtea «oso lasai» amaitu den sentsazioa dauka Aranburu ekonomistak, baina ez du uste joera horrek epe laburrean jarraituko duenik. «Espainiaren kasuan Mario Draghiren hitzen ondorioz arrisku saria 600 puntutatik 390era jaitsi da. Baina hobekuntza hori gerta dadin, Draghiren hitzez aparte, egoera ekonomiko-fiskalaren hobekuntzarik egon al da? Ez». EBZk bigarren merkatuetan estatuetako zorra erosteko iragarritako programa eta merkatuen egoeraren hobekuntza izan dira arrazoi nagusiak, baina, Aranbururen ustez, egoera ekonomikoak berdin edo okerrago jarraitzen du. Haren iritziz, otsailean alda daiteke joera, Espainiak defizitaren datuen berri emango duelako.

Barandiaran ekonomista baikorrago ageri da, eta datorren urtean finantzaketa kostuak apaltzeko aukera ikusten du, «dela Espainiak erreskatea eskatzen duelako, dela arrisku saria arrazoizko mailetara jaisten delako, euskal erakundeen zorpetze mailaren arabera». 2013ko bigarren seihilekoa, oro har, hobea izango dela uste du Barandiaranek: «Finantzaketa kostuen apaltzea ez da berehalakoan igarriko, hiruhileko batzuen buruan baizik».

5. Finantza erakundeak

Epe laburrean ezustekoak finantza arlotik etor daitezkeelakoan dago Zelaia: «Arrisku handia dago datorren urtera begira beste krak edo erreskate bat gertatzeko nazioarteko banku handien artean». Hori dela eta, hainbat mugimendu gertatzen ari direla ohartarazi du. «Europako banku batasunak, esaterako, bi helburu ditu: banku handiek erreskate hori lortu nahi dute, eta herrialde nagusiek, Alemaniak batez ere, prozesua kontrolatu nahi dute». Banku handien erreskate eskaerak datorren urtean etorriko direlakoan, estatu indartsuenek dirua eman behar badute, gutxienez bankuak berregituratzeko beharko diren baliabideak prest izan nahi dituzte, Zelaiaren arabera. «Hori, gainera, nahasten ari da aurten hainbeste herrialdetan piztu diren eskandalu guztiekin, AEBetan, Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian, Italian eta Suitzan banku handien aurka dauden prozesu judizialekin. Piezak mugitzen ari dira aurreikusten den leherketaren aurrean».

Ecofinek duela hiru aste onartutako banku gainbegiratzaile bakarraren sorrera «pauso xume bat» baino ez da Aranbururentzat, eta Europako finantza batasun erreal bat lortzeko oraindik bide luzea dago egiteko. Kredituaren murrizketa da, finantza arloan, Aranburu gehien arduratzen duen gaietako bat. Bankuek maileguen iturria itxi izanak hainbat arrazoi ditu: «Lehenik, egungo ziurgabetasun ekonomikoak zaildu egiten du finantza erakundeek maileguak ematea. Bigarrenik, Basilea III eta gisako legediak; bankuen kapitalizazioa arautzen du lege horrek, eta mugatu egiten du kredituaren hazkundea, berarekin batera kapitalaren hazkunde bat ez badator behintzat. Hirugarrenik, kredituaren eskaria ere asko murriztu da, egungo egoeran zorrak kitatzeari lehentasuna ematen ziolako zorpetze maila igotzeari baino».

Bestetik, ikusteko dago zer ibilbide izango duen Sareb banku txarrak Espainian. Aranburuk azpimarratu duenez, «ez dago garbi bankuetatik zein preziotan jasoko dituen aktiboak, eta aktiboek balantzean duten balorazioaren arabera bankuetan mozkin edo galera gehigarri bat sortuko du».

6. Espainiaren balizko erreskatea

Espainiak erreskatea eskatzen baldin badu «dena» aldatuko dela esan zuen Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako ikerketa saileko zuzendariak 2013rako aurreikuspen ekonomikoen txostena aurkeztean, hilaren 20an. Erreskate eskaera egin egingo dela uste du Madariagak, baita arrisku saria jaisteko modu bakarra dela ere: «Oinarrian egongo diren beharren arabera, zaila litzateke erreskatea ez eskatzea». Datorren urtean Madrilgo gobernuak erreskatea eskatuko duelakoan dago Aranburu ere, baina eskaria ez dela doakoa nabarmendu du. «Baldintzak oso gogorrak izango dira, eta arazoak areagotu besterik ez dute egingo». Baldintza horiek helburu bakarra izango dute, haren ustez: defizita murriztea. «Bankuen erreskateak hainbat ondorio ekarri ditu (BEZaren igoera, pentsioak ez eguneratzea…), eta horiek izozmendiaren punta besterik ez lirateke erreskate bat etorriz gero». Oraingoz, Raxoiren gobernuak anbiguotasunera jolasten jarraitzen du. «Gaur egun, [erreskatea] ez eskatzea erabaki dugu […], baina Espainiarentzat egokiena dena egingo dugu», adierazi berri du Luis de Guindos Ekonomia ministroak Kongresuan. Gainera, esan du eskatuz gero ez dela izango «Portugalen edo Irlandaren modukoa».

7. Munduko ekonomia

Datorren urtean ere hazi egingo da nazioarteko ekonomia —%3,6 NDFren arabera—, gorabidean dauden herrialdeen gorakadari esker. Hala ere, mundu mailako «uzkurtze handi bat» gertatzeko arriskua ikusten du OCDEk. Erakunde horretako kide diren 34 herrialdeen eremuan BPGa %1,4 haziko da datorren urtean. BRIC herrialdeak dira hazkundearen motorra: Brasil %4 haziko da, Errusia %3,8, India %6 eta Txina%8,2. Munduko batez bestekotik gora laurak. Aranbururen arabera, Txinaren kasuan, inflazio tasak baxuak direnez —%2 inguru—, ekonomiaren ustekabeko geldialdi bati erantzuteko politika monetario hedakor bat erabiltzeko ez luke arazorik izango. «Hala ere, Pekinen arazo nagusia higiezinen sektorean daukan burbuilak leher egitea izango litzateke».

Munduko ekonomia geldotu edota atzeraldira bultzatzeko bi arrisku nagusi ikusten dituzte adituek: Ameriketako Estatu Batuetako zerga amildegiaren mehatxua batetik, eta Europaren ahultasuna bestetik. AEBetako ekonomia uzkurtzeak atzeraldian sartuko luke nazioarteko ekonomia herrialde nagusietan domino efektua eraginez. Europako ekonomia dagoeneko oso ahul dago, eta hazkunde globala moteltzeak ez dio batere laguntzen. «Alemania eta Europa erdialdeko beste herrialdeak beherantz doaz —azpimarratu du Aranburuk—, eta bereziki aipagarria da Frantziaren egoera. Azken hilotan asko ilundu zaio etorkizun ekonomikoa». Izan ere, Moody’s ratingagentziak AAA kalifikazio gorena kendu zion azaroan —S&Pek urtarrilean kendu zion—, NDFk iragarri du defizitak %3a gaindituko duela, eta, Bank of America Merrill Lynchen azken inkestaren arabera, inbertitzaileentzat Frantzia da 2013ko arrisku nagusia. «Horren guztiaren aurrean, Europaren errezeta bakarra austeritatea da. Alegia, autosuntsiketa burutzeko errezeta», Aranbururentzat. Ekonomiaren ziklo aldaketa batean gaudela ulertu beharra dagoela uste du Alabort ekonomialariak. «Orain gutxi arte funtzionatu duten ekonomiaren oinarriak kolokan jartzen ari dira. Aurreko hamarkadako datu makroekonomikoak berreskuratzeko denbora nahikoa pasatuko da, nahiz eta une batzuetan hazkunde egoera labur batzuk egoteko aukera egon».

Advertisements

Endika -ri buruz

Endika naiz, eta ekonomian lizentziatu naizenetik, ogibide ezberdinak izan ditut, beti hezkuntza eta ekonomia arloen inguruan. Autogestioa/autoeraketa, enpresen berreskurapena, hauetan partehartzea eta alternatiba ekonomikoetan interesaturik, gizarte ekonomian, globalizazioa eta enpresa kooperatibetan aditua naiz.
Post hau analisia, Berria, Ekonomia atalean eta , , , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s